EUSKAL HERRIKO HITZ GURUTZATUEN V. TXAPELKETA

EUSKAL HERRIKO HITZ GURUTZATUEN V. TXAPELKETA
Hitzarekin euskaraz jostatzeko egundoko aukera Azaroaren 26an Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketa jokatuko da Irunen, LUMA aldizkariak antolatuta eta, besteak beste, Irungo Udalaren babes ofizialarekin.
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa ez da, zorionez, Euskal Herrian egiten den gisa honetako lehiaketa bakarra, badira beste batzuk. Aurtengo maiatzean jokatu da Basaurin bertako bigarren txapelketa arrakastatsua, eta hil berean antolatu zen Bergaran UEMAren eguneko aurreneko txapelketa berezia (bikoteka jardun zuten parte-hartzaileek).
Irunen, aurtengoan, txapelketa berrikuntza askorekin dator, baina berrikuntza horiek ekar dezaketenaz haratago aukera paregabea da hitzak gozatzeko eta hitzez goxatzeko, askotan gure ganbara-errotako zokorik ilunean txikitan ikasitako hitza horrelako batean jariora ekartzeko parada eman diezagukeelako txapelketak eta, gainera, hizkuntza biziaz modu ludikoan gozatzeko aukera. Plazan ari diren bertsolariek hitzekin sortzen diguten zirrara edo telebistako Mihiluze programak mahai gaineratzen dituen erronkak, plazaratu egingo dira eta zirrara sortu euskara biziaren bitartez, euskara aberatsaren bitartez, txapelketa honetan Euskal Herriko
txoko guztietatik jasoko diren hitzen bitartez.
Ola Sagardotegian jokatuko da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketa Irunen betiere. Sagardotegia aurkientza zoragarri batean dago, XIV. mendeko burdinola batean eta lehiakide gehiago zabal eta behar bezala hartzeko aukera eskainiko da.
Lehiakideek lau taula bete beharko dituzte, lehenengo hiruak egiteko 45 minutu izango dituzte eta finalekoa betetzeko ordubete: 10 x 10 laukiko taula kanporaketako I. saioan, 11 x 11 laukiko taula kanporaketako II. saioan, 12 x 12 laukiko taula finalaurrekoan, eta 15 x 15 laukiko taula finalean. Kanporaketako bigarren saioaren ondoan egingo da aurreneko bereizkuntza, hamasei lehiakide igaroko baitira finalaurreko saiora. Azkenik, lau lagunek hartuko du parte finalean.
Lehiakideak hitzen ganbara ondo hustuta eta flakiak jota daudenean eguneko une nagusia bazkaritakoa izango da: iritsi da lasaitzeko unea, jendea ezagutzekoa (Euskal Herriko txoko guztietako jendea espero dugu), elkarrekin hitz egitekoa, gorabeheren gainean hau eta beste esatekoa, beste ezeren gainetik umore ona gailentzekoa. Animazioa ez da faltako, gainera: bertsolariak, trikitilariak, txaranga...Sari-banaketarekin 18:00ak aldera bukatuko da egun polit bezain borobila. Txapela jasoko du ofizialki irabazleak, ohorea gainerako finalistek, eta aipamenak izango dira beste guztientzako.
Hala nahi duten zale euskaldun guztiek har dezakete parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketan. Izenematea irekita dago eta azaroaren 23an bukatuko da. 25 euro ordainduko ditu txapelketan parte hartu nahi duen lehiakide bakoitzak (txapelketa eta bazkariarengatik bazkaltzera geratzekoa bada) eta txapelketa egunean eta lekuan, ordainduko dira izen-emateari eta bazkariari dagozkien kuotak.
Hainbat modu daude hala nahi dutenek izena emateko orria eskuratzeko: LUMA aldizkariaren bitartez, Interneten www.xedera.com helbidean, edo honakoetara joz: 943630883 eta 943629564 telefonoetara, xedera@xedera.com posta elektronikora edota posta arruntez ”Luma Aldizkaria / Txapelketa, 307. P.K. 20300 IRUN, Gipuzkoa” helbidera idatzita.
Guk jarri ditugu gureak, zuena da txanda. Goitik behera: “1. Iloba deitzen genion guk, baina aiton-amonena da. Haurrengatik esan ohi dugu” Ezetz asmatu...
Irunen zain izango gaituzue hitzarekin jolasean aritzeko eta iazko txapeldunak dioen bezala definizio bakoitzarekin hitz-joko edo asmakizun bat urratseko! Hortaz, zergatik ez egin urratua zuen agendetan azaroaren 26rako? Animatu eta parte hartu!
Fernando San Martín Gubía
Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria